XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ariketa fisikoa eta airepean kirola egitea, nekatu edo aunatzera iritsi gabe, mesede egiten diote oxigenazioari eta odolaren zirkulazioari.

- Dieta orekatu bat, koipeez abusatu gabe, oinarrizkoa da zirkulazio-aparatuaren funtzionamendu onerako.

Arterien paretetan koipea metatzen bada, hauek mehartu eta gogortu egiten dira.

Elastikotasuna galdu eta odolaren zirkulazioa zaildu egiten da.

Gaixotasun honi arterioesklerosia deitzen zaio.

Elikadura desegokiak anemia sor dezake, odoleko globulu gorrien urritze nabarmena.

- Alkohola edo tabakoa kontsumitzea oso kaltegarria da zirkulazio-aparatuarentzat, zeren gaixotasun larriak sortzen bait ditu.

- Ez da erabili behar jantzi estuegirik: odol-basoak estutu eta odolaren zirkulazioa zaildu egiten dute.

- Ongi desinfektatu behar ditugu zauriak infekziorik ez izateko.

Zauriren bat sendatu behar duzunean, honako hau egin behar duzu: - Garbitu eskuak ura eta xaboiaz.

- Garbitu zauria gasaz eta ur oxigenatuaz.

- Desinfektatu merkrominaz.

ARIKETAK 10. Zer gertatzen da arteriek gogortu eta elastikotasuna galtzen badute? Zer izen hartzen du gaixotasun horrek? Zer aholku emango zenioke pairatzen duen pertsona bati?.

11. Ikertu zirkulazio-aparatuaren orrialde honetan aipatutakoez bestelako beste gaixotasun batzuk.

Idatzi txosten txiki bat zeure koadernoan.

Badakizu... Gaur egun, zirkulazio-aparatuaren gaixotasunak direla munduko herio-kausa nagusienetako bat? Estresa, animali jatorriko koipeak kontsumitzea, ariketa falta, alkohola eta tabakoa dira arrisku faktoreak.

Horrela, erretzaileak bi edo hiru aldiz aukera gehiago dute gaixotasun koronarioz hiltzeko erretzen ez dutenek baino.